SARRERA



Txikia nintzenean banuen zerbait, ez zitzaidana batere gustatzen eta zera zen, baratzan lan egitea. Udaberrian eta udaran, frontoian egoten ginen beti, hura zen gure bigarren etxea.
Nere aita normalki etxera joateko, Enparantzatik pasa behar zuen eta noski, Frontoi ondotik ere. Gu han egoten ginen jolasten, futbolean, pilotan edo beste edozertan.
Askotan ez genuen, ez pilotarik eta ez baloirik izaten, baina han egoten ginen.
Arratsaldeko zazpiretan pasatzen zen bera handik eta berehala utzi behar izaten nuen jolasa, lanera joateko.
Hura amorrua hartzen nuena. Batez ere agintzen zidanean porruari belarrak kentzea! Lan horrek gaisotu egiten ninduen. Bai lan nazkagarria zela hura.
Makurtuta egon behar nuen edo bestela belauniko, baina belaunekin lurra ikuitu gabe.
Nere ustez, orduan hasi zen nere gerria izorratzen.
Nere aitak hau irakurriko balu, esango luke: "alfer zikina".
Aita baserriko semea zen, euslkaldun naturala, atleta, fakultadeak kristonak zituena. Eta nik oraindik hamar edo hamabi urte izango nituen.
Baratzan hasten ginenean lanean, ezer baino lehen, lurra irauli egiten genuen eta gero, atxurrarekin aitak egiten zuen lerro sakona, bertan zimaurra botatzeko.
Zimaur pila botatzen genion lurrari. Hori errepikatzen genuen urtero.
Eta nola diren gauzak, neri orain baratza pila gustatzen zait. Baratz txikia noski, ez dut lur gehiegi behar, nik ipuinak landatuko ditut.
Txarrena da, nik ez dudala laguntzailerik. Astero Mikel Zapirain etortzen da, bera da nere obraren teknikoa. Berak erabakitzen du aurrera zer doan.
Zimaur beharrik ez dut eta eskerrak, bestela ez dakit zer egingo nuken. Zerbait egiteko asmoarekin, hementxe nabil Altzan ikasi nuena Hendaian erabiltzen.
Atxurra dotorea dut, kerten luzekoa, kerten motxarekin ezin da arnasa gustora hartu eta hemen, gozatzeko bizi gara.
Nere baratza Hendaia goian dago, Lisardi auzoan. Nere etxetik bost minutura oinez.

-- Kaiku alferra, alferra, lan egin , lan egin.

Lehen esan dut bakarrik nagoela eta egia da, gertatzen dena papagaio hori maiz etortzen dela. Batzutan boladak egiten ditu hemendik mugitu gabe.
Ez dakit ze izen duen, nik Ansola deitzen diot. Asko errematatzen du, baino gol gutxi sartzen ditu. Ez du batere antzik, Elgoibarko goleatzaile handiarekin.
Neri ez dit trabarik egiten, baina oso lotsagabea da. Mutur handia du.
Baratzarekin jarraituz, esan behar dut tresnak eta laneko erropa gordetzeko, txabola txiki bat egin nuela lehengo urtean. Abarkak, bota batzuk ere baditut, txapela, zira bat, eta gero laneko tresnak. Egunero ordubete lan piskat egiteko.
Ez baldin badu euriarik egiten noski, bestela jai.
Txabola barruan badut leku txiki bat, hamaiketakoa egiteko edo norbaitekin garagardo bat hartzeko.
Txabolaren izkina batean pikuondo bat dago, piku beltza, hobe esan da. Pikuaren ezkerrean, hiru edo lau metrotara, sagasti txiki bat hasten da. Bost sagar klase dauzkat hemen. Zein ederra den sagarra, sagasti bertan jatea.
Xarma handikoa da nere baratza txiki hau.
Beno, orain gelditzen zait txarrena. Lan egin beharra. Zimaurren ordez liburu pila sartu behar ditut egindako lerrotan. Eleberriak, Olerkiak, Hiztegiak, Bertsoak, Ipuinak. Lerroak Kulturez bete behar ditut.
Nik ipuinak bildu nahi ditut.
Itxaropena daukat, baratz txiki honetan, Euskal Kulturaren gurdia zertxobait aurrera bultzatuko dugula.

Orain ez nago batere inspiratua. Duela pare bat hilabete, nere sendagileak aginduta, Pomadere Jauna, hasi nuen erregimen zorrotza eta hemen ez dago txantxarik, goseak ez dakar gauza onik.
Nik martxan jartzeko txuleta, patata prejituarekin jan behar dut, gero gazta edo intxaurrak, ardo beltz piskat edan eta kafea, kopa, bere puruarekin bukatzeko.
Hori ere etorriko da. Ansolak eta nik, egingo ditugu ipuin batzuk.

Nere erregimenari egin dizkiot bertso batzuk. Oso gutxi, baina piskat maite dut.

Larogeita hemeretzi
kilo gorputzean
larogei bat aurrean
besteak atzean.
A zer lasaitasuna
koipea galtzean
laister ez naiz itoko
galtza barrenean.

Hauxe ustegabea
zer den ezin esan
hasieran gogorra
orain ezin jasan.
Goizean ezin edan
gauean ezin jan
zein zaila den bizia
barre ezin denean.

Goizean barau eta
iluntzean berdin
tentsioa zaintzeko
ura gatzarekin.
Sabela betetzeko
aza ezerrekin
ze dantzatu behar da
musika honekin.

Lehen bi kokotx nituen
batek alde egin du
salgai zegoen baina
orain ezin saldu.
Dirurik gabe ezin
txuletak ordaindu
ezingo dut sekula
berriro gizendu.

Kokotx bakar batekin
ezer ez da berdin
apaiz izan nahi nuen
ta orain zer egin.
Nora noa lanera
lepo mehearekin
fedea ez da saltzen
azal hutsarekin.

Osasuna ederra
betidanikan da
bestela nola igo
biziaren malda.
Aldapa behera noa
hartzen porru salda
gora bizia eta
gora sardin zaharra.

Bertso klase hau, alu xamarra da egiteko, baino egina daude. Orain bigarren kokotxaren bila hasi behar dut.
Lehengo Ipuina : AMETS ISILA

ARRAZOIA EZ DA EGIA


Gabonetako giroan gaude. Atzo bertan oso eguraldi ona egiten zuen eta gaur berriz, euria, haizea, eta hotza. Igeltsero lanean nenbilenean, ez nuen batere maite koktel hori.
Baina jarraitu behar da eraikitzen. Zoriona eta etxeak berdin eraikitzen dira : ausardia + logika + Maitasuna. Hori da formula. Beno, nerea behintzat.
Xixilik eta Asentxiok ez dute inoren beharrik ofizioa jakiteko, oso ondo dakite nola ikuitzen den botoia, sentimenduak gori gori ipintzeko.

-- Ez dakizu zenbat aldatu den nere bizia zure ondoan.

Asentxio gorritu egin da, horrelakotan oso gaizki jartzen da, zeren zakila sudurraren lekuan dauka eta gorritu beharrean handitu egiten zaio.

-- Ez didazu ezer esan behar?
-- Ez dut ezer esateko momentu honetan.
-- Ba nik bai. Zuk ematen didazu indarra goizero, goizero, esnatu, jaiki, jantzi eta baratzara ateratzeko bizia musukatzera.
-- Ezagutu zintudanean, berehala ohartu nintzen, zure berrehun kilo koriek poesia zirela. Ez dago zure gorputzean koipe gramo bakar bat, liluratzen ez didana.
-- Maite nauzu Asentxio?
-- Gerezia fruitu freskoa da eta Udaberrian heltzen da, Maitasuna fruitu lehorra da, su ondoan heltzen dena, erreta bukatzen ez duenean.
-- Erreta ez dakit, baina martxa honetan, ederki prejituta bukatu behar dut nik. Noiz utziko didazu sudurra ikuitzen?
-- Asentxio, Asentxio!!! Xiixilik poesia egin du, poesia, txabola onduan dago. ...
Ansolak bere tontorretik dena ikusten du, ikusten duenean....
Egia da, poesi bat edo zerbait egin du, hemendik ikusten da paper txuri bat porruen ondoan.

-- Zergatik ez didazu ezer esan?

Orain gorritu dena Xixili izanda.

-- Lotsatu egiten naiz.
-- Lotsatu, zergatik?
-- Ni idazten hasi berria naiz. Seguraski ez du ezertarako balio.
-- Dena balio du, gainera poesia ardoa bezela da, ona edo oso ona.


Gure bikotea irakurtzen dago. Ze bitxia egiten den baratzan irakurtzea.
Dena den, oraingo moda da, atxurrarekin idatzi eta baratzan irakurtzea.

Arrazoia ez da egia,
ez da argi garbia,
ez da pertsonak
jan behar dugun garia.
Arrazoia lotsagabea da,
boterearen maitalea,
dirudunen neskamea,
argudio merkea,
zoritxarrez askotan
injustiziaren labea.
-- Nola egin duzu hori?
Xixiliri ez zaio batere gustatu galdera. Ez du erantzuteko asmorik.
-- Ez didazu ezer esan behar?
-- Zer nahi duzu esatea. Burura etorri zait eta kitto.
-- Horrela, bapatean, inspiratuta egon gabe?
-- Ni zer dakit Asentxio, zetorren bezela idatzi egin dut. Besterik gabe.
-- Nola nik zer dakit, Poeta batek jakin behar du, zer idazten duen. Norbaitek zerbait galdetzen ba dio, ez duelako ulertu, egileak explikatu egin behar dio.
-- Eta egileak ez baldin badaki explikatzen, zer egin behar du, suizidatu?
-- Ez zaitut ulertzen. Inspirazioa baduzu, oso errez idazten duzu, baino gero ez dakizu poesia explikatzen. Hori nola jaten da?
-- Agian ez dudalako ulertu. Gauzak ez dira ulertu behar, neri txokolatea pila gustazen zait eta ez dut ulertzen. Zuk bizia asko maite duzu, asko gustatzen zaizu eta ulertzen duzu? Ulertzen duzu jaiotzen garela hiltzeko, ulertzen duzu?
-- Zer esaten ari zara emakumea?
-- Entzun duzuna. Zuek, erdipurdiko intelektualak ez duzue inoiz baloratuko,
txurreroak egiten dugun lana. Ez duzue onartzen hirugarren mailan, KULTURA egiten denik.
-- Lasaitu zaitez Xixili, ni ere txurreroa naiz. Zurekin piskat eztabaidatzea nahi nuen, beste ezer ez.
-- Nik ez dut eztabaidatu nahi. Esan nizuen Amezketan Kultura gutxi dagoela, Amezketarrak talentua daukagu, erruz gainera.
Xixili haserretu eginda. Asentxiok nahi gabe, mina eman dio.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina :