AMETS ISILA


Historio hau gertatu zen herri polit batean, Bidasoaren ertzean.
Herri horretan dago famili bat, piskat sufritu duena. Alaba bakarra dute eta nahi zuten, batez ere amak, karrera on bat egitea. Ingenieritza, Arkitektura… Aitak ia ia nahiago zuen bere ondoan egotea, egunen batean tailerraren jarraia hartzeko.
Neska poliki poliki handitzen joan zen eta iritsi ziren galderaren garaiak. Gehienetan alaba libratzen zen, beti ba zuen aitzaki bat, trebezia ba zuen.
Baina ama tematia zen. Bera baserriko alaba zen eta nahi zuen alaba, bera lortu ez zuena izatea. Ikasketa mailan nahi dut esan, zeren diru aldetik oso ondo zeuden.
Zuten tailerra oso ondo zijoan, zen herriko tailer onenetako bat, larogei langile inguru, bere sektorean prestigio handikoa. Ez zeukaten arazorik.
Arazo bakarra zen, ze bide hartuko zuen Aiorak.
Arazo bakarra esan dut, zeren bikotearen artean hori zen bien arteko sestra bakarra. Aitak nahi zuen alaba prestatzea tailerraren buru izateko. Oraindik ez zen gertatuko, baina prestatzen joatea.
Amak ez zuen alaba tailerrean ikusi nahi, nahi zuen karrera on bat egitea eta gero, ondo zegoen mutil batekin ezkontzea.
Nahi zuen bere suhiak tailerra eramatea eta bere alaba etxekoandrea izatea.
Etxekoandre lehengo erara, bi edo hiru neskameekin, txoferrarekin, tailerrera sekula azaldu gabe, arratsaldetan kafea hartu herriko Jauntxoekin…
Aiora konturatzen zen etxeko mugimendu denekin, tokatu zitzaion behin baino gehiagotan, gurasoen eztabaidak entzutea. Ez zegoen ados, ez amarekin eta ez aitarekin.
Isil isilik berak jarraitzen zuen bere bidea. Gauero margotzen zuen aurpegia, jazten zituen gordeta zeuzkan erropak, gauero bizitzen zuen bere ametsa.
Hamabost urte bete zituenean, eskatu zien gurasoei, bere gela nahi zuen bezela apaintzea.
Gurasoek baietza eman zioten.
Dena den, ez zuen dena nahi zuen bezela egin, ez zen ausartu gela osoa bere gustora apaintzea, ipini zituen argazki batzuk, zintzilikatu zuen bere tronpeta eta esaldi bat idatzi zuen bere ohearen gainean.

"Zoriona ezin da erosi
baina ahal da oparitu"

Ama egunero joaten zen Aioraren gelara. Goizero goizero zeukan kezka berdina, zer esan nahi zuen esaldi horrek, nola ahal den oparitu erosi ezin dena.
Hamar mila bira eman ondoren, erabaki zuen etxeko neskame bati galdetzea.

--Joxepa, zuk egunero garbitzen duzu gure neskaren gela.
-- Bai, badakizu gelak nik garbitzen ditudala.
-- Zer esan nahi du ohe gainean idatzita dagoena?
-- Ba gauza batzuk, ezin direla erosi, baina ahal direla lapurtu, gero oparitzeko.
-- Egon zaitez isilik Jaungoikoaren izenean!

Pasa ziren urte batzuk eta gurasoak erabaki zuten, Aiorak hogei urte betetzen zuen egunean, egundoko festa antolatzea.
Horretarako prestatu zuten karpa handi bat, ez ziren txantxetan ibili. Gonbidatuen kopurua pentsatuko duzue nolakoa izango zen. Herriko Jauntxo denak bertan ziren, nagusiak, Alkatea, etxeko sendagilea, alabaren lagunen gurasoak abar eta abar.
Dena oso ondo ateratzeko, kontratatu zituzten bi dozena langile, sukaldariak, zerbitzariak, bazkal ondorengorako musikoak, bertsolariak. Ez zen ezer falta.
Meza Nagusira joateko, Aiorak zeukan soinoko berezia. Egia da, Elizara erregin bat bezela jantzita joan zela.
Baina hori ez zen dena, ezta pentsatu ere! Amak otordurako erosi zion soinoko bat, herrian inoiz ikusi ez zena, aparta benetan!
Ordubietan hasi behar zuen bazkaria, baina ezin zen hasi Aiora bere gelatik jaitsi arte.
Ordubiak piskat pasata, ate handitik jaitsi zen Pailaso bat, harridura sortu zuen, zeren ez zegoen kontratatua.
Denak harritu ziren, baita Pailasoa ere. Egoera hortik irten egin behar zen eta Pailasoak mikrofonoa hartzea erabaki zuen.
-- Ama, nik Pailasoa izan nahi dut.

Hura ustegabea eta hura disgustoa!!! Inork ezin zuen sinistu gertatzen ari zena.
Amak ezin izan zuen zutik egon, eskerrak sendagilea bertan zegoela.
Aitak justu justu izan zuen indarra, mundu guztia etxera bidaltzeko.
Gurasoak egon ziren egunetan kalera atera gabe, baina errealitatea oso egosgorra da, ezin da aldatu hain errez, beraz elkarhizketa bat egin beharra zegoen.
Amak larunbata arratsaldea aukeratu zuen horretarako.

-- Aiora zergatik egin diguzu hau?
-- Ama, nik ez dizuet ezer egin. Nik bakar bakarrik aukeratu dut nere bidea, zuk egun batean, zurea aukeratu zenuen bezela.
-- Baina ze bide Aiora, bide horretatik ez zoaz inora.
-- Bai ama, Zorionara noa. Nik Zoriontsua izan nahi dut, haurrei Zoriona emateko.
-- Hori ez da zure lana…gainera denak barre egingo dizute.
-- Ez didate neri barre egingo, denak elkarrekin barre egingo dugu.
-- Eta zure karrera?
-- Nere karrera Pailasoa izatea da. Nik artista izan nahi dut, haurrentzak mundu magiko bat sortzeko.
-- Pailasoak artistak dira?
-- Munduan dauden artista handienak eta hori da nere beldurra, ez dakit ni iritsiko naizen, zoriona besteei oparitzera.
-- Iritsiko zara, nik lagunduko dizut lapurtzen.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : MUTIL LOTSATIA

No hay comentarios:

Publicar un comentario