SARRERA



Txikia nintzenean banuen zerbait, ez zitzaidana batere gustatzen eta zera zen, baratzan lan egitea. Udaberrian eta udaran, frontoian egoten ginen beti, hura zen gure bigarren etxea.
Nere aita normalki etxera joateko, Enparantzatik pasa behar zuen eta noski, Frontoi ondotik ere. Gu han egoten ginen jolasten, futbolean, pilotan edo beste edozertan.
Askotan ez genuen, ez pilotarik eta ez baloirik izaten, baina han egoten ginen.
Arratsaldeko zazpiretan pasatzen zen bera handik eta berehala utzi behar izaten nuen jolasa, lanera joateko.
Hura amorrua hartzen nuena. Batez ere agintzen zidanean porruari belarrak kentzea! Lan horrek gaisotu egiten ninduen. Bai lan nazkagarria zela hura.
Makurtuta egon behar nuen edo bestela belauniko, baina belaunekin lurra ikuitu gabe.
Nere ustez, orduan hasi zen nere gerria izorratzen.
Nere aitak hau irakurriko balu, esango luke: "alfer zikina".
Aita baserriko semea zen, euslkaldun naturala, atleta, fakultadeak kristonak zituena. Eta nik oraindik hamar edo hamabi urte izango nituen.
Baratzan hasten ginenean lanean, ezer baino lehen, lurra irauli egiten genuen eta gero, atxurrarekin aitak egiten zuen lerro sakona, bertan zimaurra botatzeko.
Zimaur pila botatzen genion lurrari. Hori errepikatzen genuen urtero.
Eta nola diren gauzak, neri orain baratza pila gustatzen zait. Baratz txikia noski, ez dut lur gehiegi behar, nik ipuinak landatuko ditut.
Txarrena da, nik ez dudala laguntzailerik. Astero Mikel Zapirain etortzen da, bera da nere obraren teknikoa. Berak erabakitzen du aurrera zer doan.
Zimaur beharrik ez dut eta eskerrak, bestela ez dakit zer egingo nuken. Zerbait egiteko asmoarekin, hementxe nabil Altzan ikasi nuena Hendaian erabiltzen.
Atxurra dotorea dut, kerten luzekoa, kerten motxarekin ezin da arnasa gustora hartu eta hemen, gozatzeko bizi gara.
Nere baratza Hendaia goian dago, Lisardi auzoan. Nere etxetik bost minutura oinez.

-- Kaiku alferra, alferra, lan egin , lan egin.

Lehen esan dut bakarrik nagoela eta egia da, gertatzen dena papagaio hori maiz etortzen dela. Batzutan boladak egiten ditu hemendik mugitu gabe.
Ez dakit ze izen duen, nik Ansola deitzen diot. Asko errematatzen du, baino gol gutxi sartzen ditu. Ez du batere antzik, Elgoibarko goleatzaile handiarekin.
Neri ez dit trabarik egiten, baina oso lotsagabea da. Mutur handia du.
Baratzarekin jarraituz, esan behar dut tresnak eta laneko erropa gordetzeko, txabola txiki bat egin nuela lehengo urtean. Abarkak, bota batzuk ere baditut, txapela, zira bat, eta gero laneko tresnak. Egunero ordubete lan piskat egiteko.
Ez baldin badu euriarik egiten noski, bestela jai.
Txabola barruan badut leku txiki bat, hamaiketakoa egiteko edo norbaitekin garagardo bat hartzeko.
Txabolaren izkina batean pikuondo bat dago, piku beltza, hobe esan da. Pikuaren ezkerrean, hiru edo lau metrotara, sagasti txiki bat hasten da. Bost sagar klase dauzkat hemen. Zein ederra den sagarra, sagasti bertan jatea.
Xarma handikoa da nere baratza txiki hau.
Beno, orain gelditzen zait txarrena. Lan egin beharra. Zimaurren ordez liburu pila sartu behar ditut egindako lerrotan. Eleberriak, Olerkiak, Hiztegiak, Bertsoak, Ipuinak. Lerroak Kulturez bete behar ditut.
Nik ipuinak bildu nahi ditut.
Itxaropena daukat, baratz txiki honetan, Euskal Kulturaren gurdia zertxobait aurrera bultzatuko dugula.

Orain ez nago batere inspiratua. Duela pare bat hilabete, nere sendagileak aginduta, Pomadere Jauna, hasi nuen erregimen zorrotza eta hemen ez dago txantxarik, goseak ez dakar gauza onik.
Nik martxan jartzeko txuleta, patata prejituarekin jan behar dut, gero gazta edo intxaurrak, ardo beltz piskat edan eta kafea, kopa, bere puruarekin bukatzeko.
Hori ere etorriko da. Ansolak eta nik, egingo ditugu ipuin batzuk.

Nere erregimenari egin dizkiot bertso batzuk. Oso gutxi, baina piskat maite dut.

Larogeita hemeretzi
kilo gorputzean
larogei bat aurrean
besteak atzean.
A zer lasaitasuna
koipea galtzean
laister ez naiz itoko
galtza barrenean.

Hauxe ustegabea
zer den ezin esan
hasieran gogorra
orain ezin jasan.
Goizean ezin edan
gauean ezin jan
zein zaila den bizia
barre ezin denean.

Goizean barau eta
iluntzean berdin
tentsioa zaintzeko
ura gatzarekin.
Sabela betetzeko
aza ezerrekin
ze dantzatu behar da
musika honekin.

Lehen bi kokotx nituen
batek alde egin du
salgai zegoen baina
orain ezin saldu.
Dirurik gabe ezin
txuletak ordaindu
ezingo dut sekula
berriro gizendu.

Kokotx bakar batekin
ezer ez da berdin
apaiz izan nahi nuen
ta orain zer egin.
Nora noa lanera
lepo mehearekin
fedea ez da saltzen
azal hutsarekin.

Osasuna ederra
betidanikan da
bestela nola igo
biziaren malda.
Aldapa behera noa
hartzen porru salda
gora bizia eta
gora sardin zaharra.

Bertso klase hau, alu xamarra da egiteko, baino egina daude. Orain bigarren kokotxaren bila hasi behar dut.
Lehengo Ipuina : AMETS ISILA

ARRAZOIA EZ DA EGIA


Gabonetako giroan gaude. Atzo bertan oso eguraldi ona egiten zuen eta gaur berriz, euria, haizea, eta hotza. Igeltsero lanean nenbilenean, ez nuen batere maite koktel hori.
Baina jarraitu behar da eraikitzen. Zoriona eta etxeak berdin eraikitzen dira : ausardia + logika + Maitasuna. Hori da formula. Beno, nerea behintzat.
Xixilik eta Asentxiok ez dute inoren beharrik ofizioa jakiteko, oso ondo dakite nola ikuitzen den botoia, sentimenduak gori gori ipintzeko.

-- Ez dakizu zenbat aldatu den nere bizia zure ondoan.

Asentxio gorritu egin da, horrelakotan oso gaizki jartzen da, zeren zakila sudurraren lekuan dauka eta gorritu beharrean handitu egiten zaio.

-- Ez didazu ezer esan behar?
-- Ez dut ezer esateko momentu honetan.
-- Ba nik bai. Zuk ematen didazu indarra goizero, goizero, esnatu, jaiki, jantzi eta baratzara ateratzeko bizia musukatzera.
-- Ezagutu zintudanean, berehala ohartu nintzen, zure berrehun kilo koriek poesia zirela. Ez dago zure gorputzean koipe gramo bakar bat, liluratzen ez didana.
-- Maite nauzu Asentxio?
-- Gerezia fruitu freskoa da eta Udaberrian heltzen da, Maitasuna fruitu lehorra da, su ondoan heltzen dena, erreta bukatzen ez duenean.
-- Erreta ez dakit, baina martxa honetan, ederki prejituta bukatu behar dut nik. Noiz utziko didazu sudurra ikuitzen?
-- Asentxio, Asentxio!!! Xiixilik poesia egin du, poesia, txabola onduan dago. ...
Ansolak bere tontorretik dena ikusten du, ikusten duenean....
Egia da, poesi bat edo zerbait egin du, hemendik ikusten da paper txuri bat porruen ondoan.

-- Zergatik ez didazu ezer esan?

Orain gorritu dena Xixili izanda.

-- Lotsatu egiten naiz.
-- Lotsatu, zergatik?
-- Ni idazten hasi berria naiz. Seguraski ez du ezertarako balio.
-- Dena balio du, gainera poesia ardoa bezela da, ona edo oso ona.


Gure bikotea irakurtzen dago. Ze bitxia egiten den baratzan irakurtzea.
Dena den, oraingo moda da, atxurrarekin idatzi eta baratzan irakurtzea.

Arrazoia ez da egia,
ez da argi garbia,
ez da pertsonak
jan behar dugun garia.
Arrazoia lotsagabea da,
boterearen maitalea,
dirudunen neskamea,
argudio merkea,
zoritxarrez askotan
injustiziaren labea.
-- Nola egin duzu hori?
Xixiliri ez zaio batere gustatu galdera. Ez du erantzuteko asmorik.
-- Ez didazu ezer esan behar?
-- Zer nahi duzu esatea. Burura etorri zait eta kitto.
-- Horrela, bapatean, inspiratuta egon gabe?
-- Ni zer dakit Asentxio, zetorren bezela idatzi egin dut. Besterik gabe.
-- Nola nik zer dakit, Poeta batek jakin behar du, zer idazten duen. Norbaitek zerbait galdetzen ba dio, ez duelako ulertu, egileak explikatu egin behar dio.
-- Eta egileak ez baldin badaki explikatzen, zer egin behar du, suizidatu?
-- Ez zaitut ulertzen. Inspirazioa baduzu, oso errez idazten duzu, baino gero ez dakizu poesia explikatzen. Hori nola jaten da?
-- Agian ez dudalako ulertu. Gauzak ez dira ulertu behar, neri txokolatea pila gustazen zait eta ez dut ulertzen. Zuk bizia asko maite duzu, asko gustatzen zaizu eta ulertzen duzu? Ulertzen duzu jaiotzen garela hiltzeko, ulertzen duzu?
-- Zer esaten ari zara emakumea?
-- Entzun duzuna. Zuek, erdipurdiko intelektualak ez duzue inoiz baloratuko,
txurreroak egiten dugun lana. Ez duzue onartzen hirugarren mailan, KULTURA egiten denik.
-- Lasaitu zaitez Xixili, ni ere txurreroa naiz. Zurekin piskat eztabaidatzea nahi nuen, beste ezer ez.
-- Nik ez dut eztabaidatu nahi. Esan nizuen Amezketan Kultura gutxi dagoela, Amezketarrak talentua daukagu, erruz gainera.
Xixili haserretu eginda. Asentxiok nahi gabe, mina eman dio.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina :

HERIOTZAK EZ DU BIZIRIK


Gabonetan gaude, ze azkar pasa den urtea. Alde batetik pozik nago eta beste aldetik, ez nago oso gustora, nere baratzan ez da ezer sortu, ezta belar txar bat ere.
Berriro batere gupidarik gabe hanka sartu dut, ez da nere baratza, da gure baratza; Ansolarena, Mikelena, Asentxiorena, Xixilirena eta zurea ere lagun. Nahi duzunean etorri, lasai etorri, hemen gure artean ondo pasako duzu.
Poeta txarrek ez dugu kategori Literariorik, gure kategoria sentimenduetan dago, gu benetazkoak gara, gu ez gara triste jarriko gu baino gehiago zarelako idazten, poztu egingo gara, zuregatik,
Euskerarengatik eta guregatik, denoi gustatzen zaigu lagun bat garrantzitsua izatea.
Etortzen bazara, bi gauza ekarri behar dituzu: bat, bizitzeko gogoa eta bestea, ardo botil bat.
Neguan arratsaldeko zazpiretan ardo trago bat, gazta pusketa batekin, ze ederki sartzen den.
Gainera Kultura da, ardo trago bat hartzen, elkartzen zara lagunekin eta labe horretan lantzen da adiskidetasuna, lantzen da eta sortzen da Maitasuna, KULTURA.
Berriketan zurekin lagun, ez naiz konturatu, hortxe bertan zerbait dagoela, hurbildu egingo naiz.

-- Ansola, Ansola !!!
-- Zer da, zer da?
-- Hortxe, txabolaren hizkin horretan, poema bat jaio da.
-- Nik kaka egiten dudan lekuan. Zure aitak esan zizun, zimaurra bota behar dela baratzan. Zuk ez duzu inoiz ikasiko lanean.
-- Nola botako dut zimaurra, Hendaia osoan ez bait dago behi tristerik bat eta...
-- Biriatu ez dago urruti, alferra, alferra izaki!
-- Egon zaitez isilik. Asentxio eta Xixiliri deituko diet. Elkarrekin irakurriko dugu

Heriotza lagun
belar motza da,
belar morea, misterioz betea,

ezkor xamarra baita
ilunpearen amorantea.
Baina ez du dirua maite
ez da saltzen ezerren truke,
hala ere da
botere askoren jabe,
eta zu ibiltzen bazara bere soroan
jolasten goxo goxo,
paseatzen suabe suabe,
primeran biziko zara
eta hilko zara
konturatu gabe
.
Isil isilik irakurri ondoren, gure lagunak pentsatzen gelditu dira, nere iritziz ez dute ondo ulertu. Horrelakotan, berriro irakurri behar da, ez da ezer gertatzen, garrantzitsuena ulertzea da, berdin da zenbat denbora pasa behar den ulertzeko.
Asentxio ba dirudi ulertu duela, Xixilik ez du oso aurpegi alaia. Bere laguna berehala ohartu da, segituan explikatuko dio.
-- Poesi honek esan nahi duena da, bizia bizirik dagoen bitartean ez dagoela heriotzarik.
-- Poetak piskat edaten dugu, baina hainbeste.....
-- Ez da zurrutaren kontua, nik ez dut edaten eta ados nago Olerki honen mezuarekin.
Xixilik ez du ulertzen, agian ez du gogo handirik ipintzen ulertzeko.
-- Biziak ez du heriotzik eta heriotzak ez du bizirik. Guri ez digu hiltzen heriotzak, hiltzen digu biziak.
-- Asentxio Poema hori oso tristea da, ez zait batere interesatzen, nahiago dut zure sudurrari begiratzea.
-- Saiatuko naiz modu errezean explikatzen. Bizia bidea da, baina bidea ez da bizia. Guk eman behar diegu odola, bideak dituen zainei, gure pausoak baikorrak izan behar dute, gure irribarrea benetakoa izan behar du, gure bizitzeko gogoa egunero jaio behar du eta horrela " biziko gara primeran eta hilko gara, konturatu gabe".
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : ARRAZOIA EZ DA EGIA

EGAÑAK BOST TXAPEL DITU


Asentxio Txurirekin jolasten dago, ze momentu ederrak pasatzen dituzte elkarrekin.
Ze polita den horrelako harremanak bizitzea eta baita ere ikustea, horrela, maitasuna biluzik, inongo interesarik gabe, Eguzkiak argia eta goxotasuna ematen dituen bezela, dohainik.
Zenbat alaitu den Beizamako pertsona maitagarri honen egoera. Txuri sendatzea eta Xixili ezagutzea, erabat garrantzitsuak izan dira berriro Zoriontsua izateko.
Baratzak orain beste bizitasuna du, orain ez dago tristurarik. Hasieran bakar bakarrik nengoen, gero Ansola hasi zen etortzen tarteka bere humorearekin eta orain bikotea bertan bizi denetik, leku zoragarria bihurtu da.
Zalantza batzuk nituen, Ansola eta Txuri nola moldatuko ziren eta nahiko ondo konpontzen dira, Ansola zuhaitz gainean bizi da, isildu gabe hori bai, berritxua da bera bezelakoa, baina tira, harreman ona daukate.
Aurten Bertso Txapelketa hementxe entzungo dugu, agian Ametsek edo zergatik ez Sustraik, ekarriko dute Txapela Lapurdiko hizkin honetara.
Edo aldatu beharko dugu izenburua eta ipini EGANAK SEI TXAPEL DITU.
Isildu egingo naiz, Ansolak bertso bat bota nahi du eta.

Bertsolaria goizean eta
Poeta handia gauean
hau etorria nik daukadana
ile gorrien artean.

Txapelketako beti prest nago
Egaña nahi dut aurrean
bertso bakarra doinurik gabe
neurria hegohaizean
Ansolak errez ekarriko du
Txapela buru gainean.


-- Oso ondo. Ikusten da prestatuta zaudela Txapelketarako.
-- Ni beti, beti prestatuta nago. Beldurra, beldur handia, Egaña beldurrez bizi da, beldurra du.
-- Egon zaitez isilik, Eganak bost txapel irabazi ditu, nola egongo da beldurrez.
-- Gezurra, gezurra, ez ditu bost txapel irabazi, lau bakarrik.
-- Bost txapel irabazi ditu. Laugarrena irabazi zuenean ni han nengoen.
-- Non, non irabazi du bostgarren Txapela? Gezurra galanta.

-- Lapurdin, Pausu auzoan, Xaia ostatuan, ni han nengoen eta ez nengoen bakarrik, gutxienez ehunta berrogei lagun ba ginen afaltzen eta bertsoak entzuten gehiago.
-- Inon ez dut entzun historio hori, dena zuk asmatua da, ezin zaizu ezer sinistu, dena gezurra esaten duzu, gezurra.
-- Ansola, isiltzen ba zara bost minutu, nik zehatz mehatz kontatuko dut nola irabazi zuen Andoni Egañak laugarren txapela.


Ostirala zen, Xaian bertso afaria, Errefuxiatuentzat aukera polita, txuleta eder bat janez bertso batzuk entzuteko.
Afal ondoren jende piskat etorri zen eta besterik gabe, saioa hasi zen.
Beno hasi behar zuen, zeren saioa ez zen inoiz hasi. Eganak bere lana egiten zuen bitartean, bere lagunak ez zen gai bertso koxkor bat botatzeko.
Hasiera zen eta inor ez zen larritu, bertsolariak tren zaharrak bezela berotzen dira, poliki poliki, goxo goxo.
Beste saio txiki bat egitera animatu ziren eta ez zen batere ondo atera. Egoera ikusita, onena zen atseden piskat hartzea. Bertsolarien ondoan zeuden gazte batzuk, aprobetxatu zuten unea alde egiteko. Egana segituan konturatu zen.
Baino beno, oraindik ba zegoen gaua, saioa txukun xamar bukatzeko.
Gaua bazegoen eta gogoa ere bai, bi faktore hoiek edukita, ba zirudien dena ondo atera behar zuela; baina bizitzan ez da horrela izaten, gogoa ez da nahikoa, ahalmena ere eduki behar da.
Gauzak okertzen direnean, oso zaila izaten dira zuzentzen. Nik ez dakit zenbat aldiz saiatu ziren eta beti alferrik.
Nik Egañari begiratzen nion eta ez nion hain urduri ikusten, ni urduriago nengoen bera baino. Hiru txapel dituen bertsolariak derrigor eduki behar du talentua, derrigor ohartu behar zuen eta ohartu zen, barregarri ari zela geratzen.
Barregarri bukatu zuten biek. Denak altxa ginen, berehala hasi ginen trago batzuk hartzen eta ez genion buelta gehiago eman. Edonork dauka egun bat oso txarra.
Gau hartan Andoni Eganak erabaki zuen bere laguna bakarrik ez uztea, erabaki zuen berarekin batera desastre hura bukatzea.
Ahaztu zen Txapelekin eta Bertsolaritzarekin, gau hartan pertsona izan zen, pertsona oso jatorra.
Ideologi iraultzaileena sentimendu goxoekin egina dago. Maitasuna bat adibidez.
Saio hura neretzat eta beste denontzat, bertso aldetik begiratuta, oso txarra izan zen, beste aldetik begiratuta oso ederra, oso aberatsa.
Eganak pertsona bezela sekulako erakustaldia eman zuen, demostratu zuen kategori handia duela.
Eta pentsatzen jarrita, hori da benetan HANDIA izatea, txikiari entzutea, txikiari laguntzea, txikiari maitatzea, hitz batean esanda : txikiekin txiki bihurtzea eta hori dena egin behar da, EGUZKIAK musuak ematen dituen bezela : dohainik.
CHAPEAU!!!
Isil isilik, nere barruan, Andoni Egañari laugarren Txapela eman nion.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : HERIOTZAK EZ DU BIZIRIK

GOENAGA BASERRIA


Errezil ezagutzen ez duenak, ezin du esan herri politik ezagutzen duenik. Zoragarria da herri hau, zoragarria benetan, zeren polita izateaz gain, ederra ere bada. Nik ez dakit non egon naizen orain arte hona etorri gabe.
Goenaga Baserri aurrean nago, zenbat histori dauzkat nere begien aurrean!
Behin hasi ezkero idazten, jarraitu egin behar dut, baina kontu askorekin, isil isilik.
Herri ederra dela esan dudanean, ba dakit zergatik esan dudan eta ez naiz bakarra, hemen, orain, Goena baserri aurrean, mundu osoko telebista daude, mundu osoko kazetariak, zientifikoak, intelektualak, artistak.
Hemen daude nahi dutelako barrura sartu, ba dakitelako Goenaga baserriko zuloan, milaka eta milaka sekretu daudela. Hara hor, Errexilen edertasuna.
Inork ez daki ondo, hor barruan dagoen zuloan, ze aberastasun dagoen.
Baserri honek lau mila urte ditu, nahiz eta dokumentoak hiru mila urtekoak izan. Garai hartan oso jende gutxi zekien idazten.
Horregatik inork ez daki zehatz mehatz baserri honen historia. Herri osoa daki San Josek hemen ikasi zuela arotz lanbidea.
Ernioko pagoekin ikasi zuen lanean; larunbatetan mendi gailurrera igotzen zen, ehun kiloko enborra bizkarrean zuela. Oraindik ez du inork hautsi bere denbora : hogeita hamairu minutu eta hogeita hamairu segundo.
Ze mutil puska zen! Ia bi metro zituen, ehun kilo pasa, batere koiperik gabe, dotorea gainera. Gero Amabirjina beretaz maitemindu zela, normala.
Horrelako historiak pilaka daude, baina hor barruan gordeta.
Anekdota modura irakurriko dut, Aristotelek idatzi zuena baserriko atean. Hortxe dago, hemendik ez da oso ondo ikusten, hurbildu egingo naiz piskat.

Pentsatzen duenak
pentsatu behar du,
pentsatzen duena
ez duela pentsatu behar soilik,

pentsatu eta egin baizik.

Gero, normala den bezela, Baserriak bere ibilbidea egin zuen, famili asko pasa dira Goenatik. Aitona eta amona hiltzen zirenean, seme-alabak jarraitzen zuten eta horrela pasa dira auskalo zenbat belaunaldi.
Baina egun batean ustegabeko handia gertatu zen. Ikaragarria!!!
Baserriko txakurra, Kelli izena zuen, joan zen buelta bat ematea eta ez zen gehiago etxera itzuli.
Seme alabak ez zuten inoiz gainditu tristura hura, zenbat negar eta zenbat malko bota ziren baserrian garai hartan. Egunero egunero itxaroten zuten ate ondoan, baina alferrik, Kelli ez zen azaltzen eta azkenean aitak, Errexildik alde egitea erabaki zuen.
Kelli bahitzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu, ihes egin zuen.
Hala ere konturatu zen, mundu honetan bizitzeko gutxi zekiela eta Mantxesterrera joatea erabaki zuen. Ikastaro bat egitea bururatu zitzaion eta buru belarri hasi zen ikasten.
Hogeita hamazazpi urte pasa zirenean, jakindu zuen bere baserria utza zegoela. Ez zuen segundo bakar bat itxaron. Gau hartan hasi zen ibiltzen eta ez zen gelditu Goenara iritsi arte.
Bost hilabete, bi aste, hiru egun, zazpi ordu, hamalau minutu eta sei segundo behar izan zituen etxera heltzeko.
Geroztik baserri barruan dago, zuloa zaintzen, bakar bakarrik itxaroten.
Hemen dauden kazetariak, intelektualak, zientifikoak, artistak, kuriosoak ere ba daude, ez dute ulertzen nola irauten duen hainbeste denbora baldintza hoietan.
Ez dakite Kellik Mantxesterren gauza pila ikasi zituela, adibidez, ba daki jan gabe bizitzen, ba daki lo egin gabe bizitzen, ba daki begiradarekin jendea bereizten eta baita ere, begiradarekin hiltzen, horregatik inor ez da hurbiltzen gehiegi baserrira.
Eta ez da inor inoiz hurbilduko, beno salbu bat. Ba dago bat Goenaga baserrira etortzen denean, Kellik atea pozik, oso pozik irekiko diona eta emango dio, aspaldiko urteetan berarentzat gordetzen duen musua.
Iritsiko da egun hori eta kriston jaia egingo dugu Errezilen, Goenaga baserrian.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : EGAÑAK BOST TXAPEL DITU

ASENTXIOK BADAKI ZORRAK ORDAINTZEN


-- Eskerrik asko Xixili, ez dakizu zenbaterainoko mesedea egin didazun. Berriro zoriontsua naiz eta ez ni bakarrik, Txuri ere oso pozik dago. Ez da gelditzen saltoka
-- Bai, nik mesedea egin nizun, baina zuk ez duzu hitza bete.
-- Ez esan hori, ni amorratzen nago zuri mesede bat egiteko eta, bene benetan ari naiz.
-- Badut idei bat. Erakutsi behar didazu olerkiak idazten, horrela ordainduko duzu nerekin duzun zorra.
-- Bikain! Nik dakidana erakutsiko dizut, baina....laugarren mailako Poeta naiz.

-- Asentxio ez esan gehiago hori! Zu laugarren mailan bazaude, ni nongo mailan nago orduan?
-- Arrazoi duzu. Poeta, bizia maite duen edonor da, eguzkia, egunsentia, izarrak miresten dituen edonor da; amon bat negarrez ikusten duenean hunkitzen den edonor, aiton bati bizkarrretik heltzen dion edonor, gaiso bati irribarrea dohainik eskeintzen dion edonor, haur bati musu bat ematen dion edonor eta Bertsoak eta Olerkiak idazten duen edonor.
Beno eta ez baldin badu idazten ere bai. Idazteko erreztasuna behar da eta mundu guztiak ez du trebezi hori.
-- Ni ere Poeta naiz orduan!
-- Noski Xixili, orain konturatu al zara?

-- Ez…gertatzen dena hor kanpoan ez duela giro berdina egiten. Horregatik etorri naiz baratza honetara bizitzea. Hemen Poeta sentitzen naiz.
-- Poeta eta Poesia zara! Zu Poesi garbi garbia zara, zara emea, pertsona emea, lodia, zure berrehun kilo horiek urrea dira.
-- Benetan ari al zara Asentxio?
-- Nik ez dut gezurrik esaten. Poesia lodia izan behar du, kalitateak asko pisatzen du. Kultura koipez osatuta egon behar du, bestela ez da Kultura, itxura besterik ez da, eta haizeak errez eramaten du.
-- Zenbat dakizun Asentxio! Beizaman denak horrelakoak al zarete?
-- Gehienak bai. Beno orain, ikusiko dugu nola egiten den olerki bat. Adibide modura; hartuko dugu Pablo Nerudak bere maiteari egin ziona
.
Konturatuko zara nola hitz justuak dituen, justu justu behar dituenak, ez dela batere luzea, errez ulertzen dena eta mezua duena.

Bizian egin dudan gauzarik onena
zuri begiratzea izandu da,
politena
zu ikustea,
ederrena
zu ezagutzea,
zoragarriena
zu maitatzea.
Maite zaitut.

-- Zein polita den! Guztatuko zitzaizun, ezta?

Xixili isil isilik gelditu da, pentsatzen dago, zerbait gogoratzen bezela.

-- Hori Albatzisketako Praskuk andregaiari bidali zion, soldaduzkan zegoenean.
-- Gauza horiek ez dira esaten Xixili. Ardo ona botila dotorean errezago saltzen da.
-- Ardoa ona baldin bada, edozein botilan saltzen da. Eta beste gauza bat esan behar dizut, Poesia saldu behar da, Poeta saldu gabe. Poesiak, egia izan behar du.
-- Arraioa, azkar ikasten duzu zuk!
-- Amezketan kultura gutxi, baina talentu asko dago.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : GOENAGA BASERRIA

ASENTXIO ETA XIXILI LAUGARREN MAILAKO POETAk


-- Kaiku zure baratza txarra da, txarra da, ez dakizu baratzan lanean, ez dakizu. Esaldi txar bat ere ez du eman.

Ansolak arrazoia du. Papagaio horrek badaki zer esaten duen. Nere baratzan belar lehor bat ere ez da ikusten, ez dakit zer gertatu den.

-- Zure aitak bazekien lanean, bazekien, bazekien, simaurra botatzen zion, simaurra.

Aitak simaurra sartzen zuen baratzan, baina nere aitak babarrunak biltzen zituen, tomateak, azak. Nik Kultura egin nahi dut , horregatik sartu ditut olerkiak, bertsoak, esaldiak eta abar.
Onena izango da piskat itxarotea, agian hemendik hilabete batzuetara hasiko da ematen.
Ez naiz hasiko larritzen oraingoz. Baratzak oso itxura polita du eta ez dut itxaropenik galduko.

-- Egun on.

Norbait dago baratzaren atean, hurbildu egin beharko dut ea zer nahi duen.

-- Egun on. Zer nahi duzu?
-- Laugarren mailako Poeta naiz eta Ipuin batzuk nahi nituzke idatzi baratza honetan.

Ez dakit nola pentsatzen duen Ipuinak idaztea, ez du besorik. Beno, ea nor den eta nongoa den.

-- Nongoa zara, ingurukoa?
-- Asentxio Otaegi naiz, Beizamakoa.
-- Eta zergatik esan duzu laugarren mailako Poeta zarela?
-- Nik zakilarekin idazten dut, zaila da baldintza hauetan Poeta ona izatea.
-- Idatzi denak idazten dugu buruarekin. Zuk ere buruarekin pentsatuko duzu.
-- Pentsatzea erreza da, gero idatzi egin behar da. Konturatu zara zakila sudurraren lekuan daukadala?
-- Bai. Zergatik egin duzu hori.
-- Sabel handi honekin ezin nuen idatzi, ez nuen zakila ikusten.

-- Txakurra zurea da?
-- Bai, nere lagun onena da, aspaldi gaude elkarrekin. Txuri izena du.
-- Ondo dago, lasai egon, ez dago arazorik. Ongi etorri Asentxio Ipuinen baratzara. Hori da Ansola bostgarren mailako Poeta, ni Xanti naiz, ni ere Poeta
naiz eta garbi esanda, ez dakit ze mailetan nagoen, nere ustez hirugarren mailan nengoen, baino beno, biok egongo gara laugarren mailan.

Hemen bat falta da, ez delako egunero etortzen eta Mikel Zapirain da, bera da hemengo teknikoa. Zure idatz lanak eta nereak, berak korregitu eta dotore apainduko ditu. Hemen horrela da eta jarraituko du izaten.
Nahi baldin baduzu zerbait esan, bota lasai, ez zaitez milimetro bat moztu, gozatzeko bizi gara. Literaturak ez baldin badigu pozik ematen, ez baldin ba dugu disfrutatzen, baratza erre egingo dugu eta kitto!

-- Aizu, nik badaukat Ipuin bat zakilaren puntan. Posible nuke ordenagailua erabili?
-- Noski. Bihar goizean Mikel etorriko da, berak ederki explikatuko dizu nola funtzionatzen duen.

Ondo manejatzen baduzu hasi oraintxe bertan.

Orain dela urte batzuk, nere lagunak gonbidatu ninduten festa batera. Baietza eman nuenean, pentsatu nuen besteak bezelako festa izango zela. Bai zera!
Bukaeran, ia inor gelditzen ez zenean, lagun batek, Beheko Errotako Xaturninok galdera zaila egin zidan, oso zaila.

-- Nik ez diat posible nerekin edukitzea eta hik hartu nahi duk nere txakurra?
-- Zenbat denborako?
-- Betirako.

Ezin nuen bapatean erantzun. Ba nekien erantzuna garrantzitsua zela eta herriari bira bat ematea erabaki nuen.
Pentsatzen egon nintzen… “ txakur polita duk, oso gaztea oraindik, ni bakar bakarrik negok”
-- Bai

Konturatu gabe hartu nuen nere bizi osoaren erabaki garrantzitsuena. “Txuri” ekarri nuen etxera eta sartu nuen nere bizian.
Nik orduan istripua izan berria nuen eta lanerako ez nintzen gauza, herriko Elizaren ondoan bizi nintzen, nere iseba neska zaharrak eman zidan etxean.
Txuri sartu orduko bete zuen nere etxe hutsa. Neguko ilunabarrak ez ziren gehiago tristeak izan, Udaberria margotu zuen biziaren koloreekin, bere txuria eta Beizamako soroen berdea, Udarak txakur txikiaren usai goxoa zeukan eta Udazkeneko hego haizeak orrazten zizkion bizkarreko ile txuriak.
Zenbat aldatu zen nere bizia! Txurik bete zuen nere bihotza, berak dotoretu zuen nere bizimodua. Hitz batean esanda, txakur maitagarri horrek oparitu zidan Zoriona.
Urte oso ederrak pasa ondoren, iritsi da eguna zoritxarrari aurre egiteko, Txuri gaisotu egin da eta bi hilabeteko epea bakarrik eman diote burua galtzeko.
Minbizia dauka memorian eta hemendik bi hilabetera ez nau ezagutuko.
Nik zerbait egin behar dut, ezin dut nere laguna erotzen utzi, zerbait egin behar dut!

-- Asentxio denbora gelditu behar duzu, denbora gelditu behar duzu, gelditu!!!
-- Mila esker Ansola, mila esker!

Nik denbora gelditu behar dut, nik denbora gelditu behar dut!
-- Ezin duzu apalago mintzatu!
-- Zu nor zara, nondik zatoz zu?
-- Ni Xixili naiz, Amezketatik nator eta Jaungoikoaren iloba naiz.
-- Jaungoikoak ba ditu ilobak?
-- Jaungoikoak denetatik du, horregatik da Jauna eta goikoa.

Barkatu nazu baina lasaitu egin behar dut, oso momentu larriak pasatzen ari naiz eta zurekin egundoko sustoa hartu dut. Lasaitasuna behar dut bestela burua lehertu egingo zait.

-- Zer pentsatu duzu ni ikusita, behi bat sartu dela baratzan?
-- Barkatu baina xelebre itxura hartu dizut, hain gizena eta hain….
-- Isilik egon bestela haserretuko gara. Zertarako nahi duzu denbora gelditu?
-- Txuri, nere laguna, minbizia dauka memorian eta hemendik bi hilabetera ez nau ezagutuko.
-- Onena denbora gelditzea da, baina jakin behar da nola?
-- Xixili zuk ba dakizu denbora gelditzen, ziur nago baietz!
-- Bai, ba dakit, nik mirariak egiten ditut, baina ez musu truk, nere lengusuak bezela.
-- Zenbat kobraten duzu, nik ez dut diru asko.
-- Nork esan dizu dirua eskatuko dizudala ? Nik zure zakila nahi dut.
-- Hori ez! Hori ezin didazu eskatu. Ni laugarren mailako Poeta naiz, zakilakerin idazten dut, berak ematen dit bizia.

-- Ni ere Poeta naiz, laugarren mailakoa baita ere. Begira, bururatu zait idei bat, nik Eguzkia geldituko dut baratz gainean eta Ilargia desagertuko da betirako.
Baratzan egingo dugu Olerki txapelketa, gaia Ilargia izango da. Zuk irabazten baduzu, nik ez dizut ezer eskatuko, nik irabazten baldin ba dut, zakila eman beharko didazu.
-- Eta nork erabaki behar du, zein den olerki onena?
-- Egia, norbait neutrala behar du izan. Ez dizut zakila kendu nahi, joko zikinekin.
-- Badut nork epaitu gure lanak,
- Asentxiok ezagutzen du norbait - Xantik erabakiko du zein den lan onena, bera ere laugarren mailako Poeta da.

Asentxion olerkia irakurriko dut.

Ilargia.
Argi garbia.
Zeru gorria.
Gauaren begia.
Ametsen ogia.
Naturaren gutizia.
Ilusioen bizia.
Maitasunaren kabia.
Poesiaren egia.
Musu zoragarria
.

Orain Xixiliren olerkia irakurriko dut.

Agur Ilargi maitea
asko maite zaitut.
Ikusi arte.

Bi olerkiak irakurrita, txapelketa Asentxiok irabazi du.

-- Ni ez nago ados, bera ez da laugarren mailako Poeta. Gainera zakilarekin idazten du.
Nik ez duk zakilarik.
-- Barkatu Xixili –
Asentxio urduri jarri da – ni laugarren mailako Poeta naiz. Beste egun batean zuk irabaziko duzu edo Xantik.
-- Edo nik, edo nik, Ansola ere Poeta da. Ni Poeta naiz.
-------------------------------------------------------------------------------------------------

PENAREKIN IDAZTEN DUT.


Txikia nintzenean oso zoriontsua nintzen, bai etxean, bai lagunekin, bai bizi nintzen herrian, nere bizia oso polita zen.
Baina, gehienetan egoten da baina bat, eta nerea eskolan zegoen. Herreran nenbilen ikasketak egiten, La Salleko fraidetan.
Hasierako urteak nahiko normalak izan ziren, ez naiz gogoratzen ezer txarrik, gero ordea nere egoera asko aldatu zen.
Esan behar dut, fraideak eta profesoreek betidanik jotzen zidatela, beno, ez neri bakarrik, taldetxo bat ginen egurra hartzen genuena ia egunero. Hori normaltzat hartzen nuen. Neretzat arazoa hasi zen, konturatu nintzenean gorrotoa zidatela fraide batzuk.
Gorroto hori ez nuen sumatzen beste ikasleengan eta horrek ematen zidan tristura, zeren belarrondokoen mina pasa egiten da, gainera ohituta geunden min hori jasaten.
Gorrotoaren mina ezberdina da, gorrotoa krudela da, ni haur bat nintzen, hamairu urte besterik ez nituen. Nahiz eta oraindik haurra izan, ez nuen negarrik egiten, baina oso triste bizi nintzen.
Triste bizi nintzen eskolan, gero igotzen ginenean munduko herri politenera dena ahaztu egiten zitzaidan.
Nere egoera tamalgarri hori hasi zen Lourdesera joan ginenean, han oso portaera txarra eduki genuen, gauzak esan behar dira diren bezela. Lapurtu genuen gauza pila bat eta lapurtu genuen ikasle denak, Luis Mari Ralla eta ni ere bai. Lapurtu behar izan genuen, bestela denen aurrean kaka batzuk bezela geldituko ginen.
Horren ondorioz Eskolan oso giro txarra sortu zen, fraideak esan ziguten behin eta berriro, La Salleko prestigioa eta ospea suntsitu egin genuela.
Eskola osoak lapurtu zuen, baina egurra ni bakarrik hartu nuen. Fraide batek, (oso ondo gogoraten naiz nor zen, ia beti berdina zelako ) deitu ninduen beste klase batera joateko.
Iritsi orduko neri joka hasi zen eta ez bakarrik hasi, jarraitu ere.
Min handia eman zidan, neri bakarrik jo zidalako eta gainera beste klase batean, ez gure klasean.
Ni haur ona nintzen, baina odola ba nuen eta ez nion irribarrerik eskeintzen fraide ari. Ezta pentsatu ere. Oso lehor egiten nion.
Ez naiz gezur zalea eta esan behar dut, ez nintzela ikasle ona. Egun batean harrapatu ziguten bi ikasleei kopiatzen.( Txuletekin) Neri berehala esan zidan O bat jarriko zidala examinean.
Bestearekin ( bere izena oso ondo gogoratzen dut) harrunt portaera ezberdina eduki zuen. Txantxetan zegoen ezer pasa ez balitz bezela. Esan behar dut bestea Errioxara,
San Asensiora joan behar zuela ikasketak egitera La Salleko fraide izateko.
Ni sutan jarri nintzen.

-- Zergatik ez diozu horri jartzen O bat neri bezela?
-- Zu lagun txarra zara, pozik egon behar zenuke, zuri lagunari barkatu egin diodalako.
-- Hori injustoa da, zuk bioiri berdin tratatu behar diguzu.

Fraidea haserretu zen pila bat, ez zuen lortzen ni isiltzea.

-- Zapirain, puntu bat gutxiago konduktan eta atera arbelera.

Arbelaren parean kokatu nintzen, bera nere aurrean zegoen, pauso batzuk aurrera ematen hasi zenean, ni atzeraka mugitzea erabaki nuen, baina ez neukan leku askorik,
gure mahaik zeuden bertan eta hantze harrapatu zidan. Modu basatian jo zidan.
Hala ere, nere arazoa beste bat zen. Konduktan puntu bat kendu zidan. Garai hartan La Sallen konduktan puntu bat kentzea, delinkuente tituloa ateratzea bezelaxe zen.
Ni Altzara joan behar nuen nota haiekin……..
Eskerrak zortea izan nuela, nere buletina galdu egin zen.
Nere egoera ez zuen batere onera egin. Ni eskuekin ez naiz batere trebea, oso baldarra naiz eta egun batean margotu nuen zerbait eta oso gaizki egin nuen.
Betikoak klase denen aurrean erredikuloan utzi zidan. Hori gutxi balitz, gonbidapena luzatu zien ikasle denei, nitaz barre egiteko.
Orduan hasi nintzen indibiduo hura gorrotatzen, indibiduo esan dut, ukatu egiten zelako pertsona izatera, gizona izan nahi zuen eta ba zen, abere berritxua zen.
Abere berritxua aberatsen demokrazian, dagoen abere arriskutxuena da, pozointsuena.
Ez du batere balore humanorik.
Nazkagarriena zen, besteekin alaia zela, sinpatikoa, ez zen batere berdin portatzen.
Oso zaila zen ulertzea egoera hura, gauza batzuk ulertezinak zirelako. Nere ustez, neri aukeratu zidaten nahi zutenean jotzeko, ba zekitelako nere gurasoak ez zirela inoiz Eskolara joango eta nik ez nuela etxean sekula ezer esango.
Nere aita baserritarra zen eta nera ama ere, bakoitza bere lana egiten zuen eta ez ziren zehaztasunetan sartzen. Gainera zerbait jakin ezkero, ziur nago Fraideei emango zietela arrazoia.
Fraideek orduan, oso erreza zuten nahi zutena egitea.
Egun batean zigortu zuen klase osoa, zigortuta egon ginen jolasera joan gabe, hori horrela esanda, ez da batere berezia edo anormala.
Anormala bihurtzen da, berrogei mutil joan behar dugunean komonera, gainera pare bat minutuko denborarekin. Ni jarri nintzen itxaroten, pentsatzen barruan zegoena aterako zela, baina denborak ez du disziplinarik ezagutzen, denbora autonomoa da eta aurrera joaten da beti.
Gure eskolan, komoneko ateak, ba zuten tarte bat goien eta nik aprobetxatu nahi nuen tarte hori, barruan zegoenari mugitzeko esateko. Ez zen denborarik gelditzen
Justu begira nengoela, hor azaltzen da abere berritxua . Komonenan zeuden barruko lehio batzuk eta handik komon dena ikusten zen.
Eta neri ikusi zidan ate gainetik begiratzen. Berriro jantzi zituen eskularruak eta zirti zart egurra.
Jotzen zidan bakoitzean, nere gorrotoa handitzen zijoan, ezin nituen begi bistan ikusi La Salleko fraideak. Beno, bat piskat maite nuen, harek ez zidan inoiz jo eta nerekin beti ona.izan zen.
Hori dena hirugarren kurtsoan gertatu zen. Herrerako festetan, urtero izaten ziren examinak. Neretzat urteko garai txarrena.
Egun hartan azterketan Geografia tokatzen zen : Alemaniako Kaiak.
Ni ez nekien nondik jotzen zidan haizeak.
Alemania Altzatik urruti dago. Nik ezagutzen nituen gure errekak : Larratxo, Silarginene, Amuerdeko erreka, Dendatxo.
Aritu nintzen piskat pentsatzen, ez gehiegi eta erabaki nuen :
Alemaniak ez du Kairik.
Zer egin behar nuen, ez nuen ezertarako gogorik, ez nituen liburuak ireki ere egiten, ipurtzuloraino nazkatuta nengoen egoera harekin!!!
Kurtsoaren bukaeran bost irakasgai suspenditu nituen. Normala zen.
Udaran ez nuen arazorik izan, primeran pasatzen ari nintzen, nahiko fruitua jaten nuen, perretxikotara joaten nintzen, frontoian kirola egiten. Bikain!
Egun batean, Enparantzan, nere iseba Joxeparen etxe aurrean, Fraideak deitu zidaten, hiru edo lau ziren. Bat, nik piskat maite nuena zen.
Harek hartu zuen hitza.

-- Aurten non jokatu behar duzu futbolean?
-- Ez dakit.
-- Nola ez dakizula, Eskolan jokatuko duzu.
-- Nongo Eskolan?
-- La Sallen, non bestela!
-- Bost irakasgai suspenditu ditut.
-- Lasai, jeitsi eta nik konpuko dut hori.


Ez nintzen joan, handik alde egin nahi nuen, ihesi egin behar nuen Eskolatik, nazkatuta nengoen La Salleko baberoak ikusten.
Haurtzaroan ez nuen ulertzen, adineko gizakiak zergatik eramaten zuten baberoa, txokatu egiten nintzen, adin horretan oraindik baberoarekin ibiltzea.
Orain ulertzen dut. Nik idatzi nuen, gizakia dela naturaren fruitu bakarra usteltzen dena heldu gabe eta hori egia da, bizia motza da heltzeko, haurrak izaten hiltzen gara.
Haurra izaten hiltzea ez da arriskutxua, hori baino askoz arriskutxua da, abere izaten bizitzea eta monstruoa izaten hiltzea.
Haur baten zoriona oso garrantzitsua da eta inork ezin du puskatu, ezin du suntsitu, ezin du betirako lurperatu.
Edozein gizaki ahal da tronpatu, edozein pertsona ahal du erabaki bat gaizki hartu, hori ez da hain larria , ahal da lana aldatu, ahal da beste bide bat hartu.
Ezin dena egin da, bokazioz tronpatu, frustatu bat izan eta frustazio hori, beste batzuk ordaindu behar.
Gizarte dena garrantzitsua da, baina ba dago zati bat, besteak baino askoz garrantzitsuagoa dena eta zati hori haurrak dira, gazteak dira.
Fraideak, maisuak, profesoreak etorkizunaren arkitektoak dira, beraiek ari dira hezitzen biharko pertsonak, ari dira haurren burmuina lantzen, moldatzen, jazten, eraikiko duten gizartea sendoa, justoa, jatorra izateko.
Prestatua ez dagoen pertsona, bokazioa ez duen pertsona, arazoak dituen pertsona, ezin du Irakaslea izan. Gainera debekatuta egon beharko luke.

Lasai egon zaitez lagun, La Salle asko behar dira gure Zoriona lurperatzeko.
JO TA KE ZORIONA LORTU ARTE!!!
Altzatarrak idi alferrak baino egosgorragoak gara, edozein zulotik irribartxu ateratzen ba dakigu.
Nere haurtzaroan eta nere bizian, Eskola oso garrantzitsua da, ez nabil gezurretan. Askotan amets egiten dut berarekin. Hori seinala garbia da, garrantzitsua dela neretzat. Altzatik hamabi haur, jaisten ginen egunero korrika Herrerako plazaraino. Justu justu iristen ginen ordurako. Ze polita den oroigarri hori!!!
Nerekin piskat goxoagoak izan ba ziren, seguraski zerbait gehiago estudiatuko nuen.
Ziur egon, ez nintzela hain gogo gutxirekin joango.
San Juan Bautista de la Salle, apostol ejemplar, siervo fiel del señor…
-------------------------------------------------------------------------------------------------

JAUNGOIKOA EZ DA ALTXA.


Garai hartan jende asko joaten zen Mezetara, ni ere joaten nintzen igandero. Altzako Elizan zortzitako Mezetara, ia herri osoa joaten ginen.
Ni Korora joaten nintzen, beti berdinak elkartzen ginen han goien, ez zegoen aldaketa handirik igande batetik bestera.
Ez genuen arazorik sinismenarekin, denok sinisten genuen Jaungoikoarekin, denok sinisten genuen zeruarekin, baita ere infernuarekin, denak kristauak ginen, bikain!
Hala ere nik, txikitatik ba nuen zalantza bat eta zen, Jauna hartzera joaten zenean jendea, ea beti denentzat egongo zen.
Orain esango dut nere zalantzaren zergatia.
Herriko sendagilea beti altxatzen zen lehena Jauna hartzera joateko,( beti uzten zuen leku bat libre) horrek ematen zidan neri pentsatzeko lana.
Beti pentsatu nuen agian beldurra izango zuela, denentzat ez egotea eta horregatik mugitzen zela
azkar. Hori pentsatzen egoten nintzen igandero.
Nik haurtzaroan uzte nuen Meza bakoitzean mirari bat egiten zela, Jaungoikoak igandero lan egiten zuela Kalizak betetzen.
Hori sinisten bizi nintzen ni, ze Zoriontsua nintzen!!!
Egun batean, zoritxarreko egun batean, jakindu nuen ostia tailer batean egiten zela, Mezetan ez zegoela miraririk, dena gezurra zela, antzerki hutsa.
Hura izan zen kolpea!!! Ostiak odolkiak bezela egiten ziren.
Hainbeste aldiz etxean eta La Salleko eskolan entzun nuena, gezurra zen. Hamar mila kiloko harri batek, burua erdian jota ez zidan hainbeste kalte egingo. Nere zerua erori zen, eta nere Jaungoikoa ere.
Oraindik gora begira, bere bila ibiltzen naiz eta Eguzkia ikusten dut, goxoa eta zintzoa da, behera
begira jartzen naizenean, familia ikusten dut, lagunak, herria, ez dira hain handiak, baina duten
handitasuna benetakoa da.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : PENAREKIN IDAZTEN DUT

MUTIL LOTSATIA




Egun batean Oiartzungo festetan, bertako mutil gazte bat dantzan zebilen. Hasieran batekin eta jarraian beste batekin, gero ordea ez zuen batere aldatu.
Dantza eta dantza artean trago bat hartzen zuen, gero beste bat, azkenean berotu egin zen, normala.
Gauak jarraitzen zuen bere martxa, ordulariak ez daki geldik egoten eta etxe aldera joateko garaia iritsi zen.
Neska interesantea zen, handia, dotorea, irribarre ederrekoa. Mutilen gustokoa zen eta bera ere ez zegoen gaiso, mutil ederra zen.

Zirti zart egiteko unea iritsi zen. Mutilak jo zuen enbido.

-- Bihar ahal dugu elkarrekin gelditu.
-- Bai. Non geldituko gara?
-- Errenterian. Arratsaldeko seiretan, Iztietan. Diskotekaren aurrean.

Gero bakoitza bere aldera joan zen. Mutila ohera sartu orduko, lo gelditu zen. Gero esnatu zenean, ohartu zen ze astakeri egin zuen dantzan zebilela.
“ Baina nola gelditu naiz neska horrekin"
Pentsatzen zuen bakoitzean gero eta amorru gehiago sartzen zitzaion. “ Nola bururatu zait neri neska horrekin gelditzea”
Ohean ezin zuen gehiago egon eta mendira joan zen, alferrik ordea, ezin zuen burutik kendu.
“ Hitza eman dut eta joan egin behar dut”
Mendian zebilela, zenbat eta bira gehiago ematen zion asuntuari, gero eta ziurrago zegoen joan egin behar zuela.
Eguerdian ez zen joan lagunengana, zuzenean etxera joan zen, arratsaldeko 6rak iristeko amorratzen zegoen.
Arratsaldean beste buru hauste bat zuen, zer egin?
“ Nora joango gara, Zinemara eta ze Zinemara? Dantza egitea, nik ez dakit dantzan.
Pasai Donibanera joango gara, herri polita da, Udaran gaude, bueltatxo bat emango dugu, ez da plan txarra.”

Seirak baino lehenago mutila han zegoen. Neskaren arrastorik ez zegoen. Ia seirak zirenean, mutilak berriro begiratu zuen eta neska ez zen azaltzen.
Errenteriko Elizan 6rak jo zutenean, neska falta zen. Mutilak ez zuen segundo bat itxaron, berehala alde egin zuen handik txistu bizian. Minutu batzutan Pasai Antxon zegoen, hura lasaitasuna hartu zuena!
Handik pare bat hilabetera elkar ikusi ziren, neska ez zegoen oso gustora.´

-- Zergatik ez zinen joan gure hitzordura?
-- Joan nintzen, baina zu ez zinen han.
-- Ni joan nintzen.
-- Ni ere.

-- Zergatik ez ginen elkartu orduan?
Mutilak gorrituta burua makurtu zuen.
-- Ni ez nintzen ausartu zurekin arratsaldea pasatzera. Lotsatu egin nintzen.

Hori entzunda neskak urrezko irribarrea oparitu zion mutilari.
Geroztik mutilak bere bihotzaren apal maitagarrienean gordeta dauka irribarre hura, irribarre dotorea, sentimenduz betea, freskuraz paregabea, udazkeneko ilunabarretan, hegohaizeak goxo goxo etxera ekartzen dion arnas maitea.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : JAUNGOIKOA EZ DA ALTXA







AMETS ISILA


Historio hau gertatu zen herri polit batean, Bidasoaren ertzean.
Herri horretan dago famili bat, piskat sufritu duena. Alaba bakarra dute eta nahi zuten, batez ere amak, karrera on bat egitea. Ingenieritza, Arkitektura… Aitak ia ia nahiago zuen bere ondoan egotea, egunen batean tailerraren jarraia hartzeko.
Neska poliki poliki handitzen joan zen eta iritsi ziren galderaren garaiak. Gehienetan alaba libratzen zen, beti ba zuen aitzaki bat, trebezia ba zuen.
Baina ama tematia zen. Bera baserriko alaba zen eta nahi zuen alaba, bera lortu ez zuena izatea. Ikasketa mailan nahi dut esan, zeren diru aldetik oso ondo zeuden.
Zuten tailerra oso ondo zijoan, zen herriko tailer onenetako bat, larogei langile inguru, bere sektorean prestigio handikoa. Ez zeukaten arazorik.
Arazo bakarra zen, ze bide hartuko zuen Aiorak.
Arazo bakarra esan dut, zeren bikotearen artean hori zen bien arteko sestra bakarra. Aitak nahi zuen alaba prestatzea tailerraren buru izateko. Oraindik ez zen gertatuko, baina prestatzen joatea.
Amak ez zuen alaba tailerrean ikusi nahi, nahi zuen karrera on bat egitea eta gero, ondo zegoen mutil batekin ezkontzea.
Nahi zuen bere suhiak tailerra eramatea eta bere alaba etxekoandrea izatea.
Etxekoandre lehengo erara, bi edo hiru neskameekin, txoferrarekin, tailerrera sekula azaldu gabe, arratsaldetan kafea hartu herriko Jauntxoekin…
Aiora konturatzen zen etxeko mugimendu denekin, tokatu zitzaion behin baino gehiagotan, gurasoen eztabaidak entzutea. Ez zegoen ados, ez amarekin eta ez aitarekin.
Isil isilik berak jarraitzen zuen bere bidea. Gauero margotzen zuen aurpegia, jazten zituen gordeta zeuzkan erropak, gauero bizitzen zuen bere ametsa.
Hamabost urte bete zituenean, eskatu zien gurasoei, bere gela nahi zuen bezela apaintzea.
Gurasoek baietza eman zioten.
Dena den, ez zuen dena nahi zuen bezela egin, ez zen ausartu gela osoa bere gustora apaintzea, ipini zituen argazki batzuk, zintzilikatu zuen bere tronpeta eta esaldi bat idatzi zuen bere ohearen gainean.

"Zoriona ezin da erosi
baina ahal da oparitu"

Ama egunero joaten zen Aioraren gelara. Goizero goizero zeukan kezka berdina, zer esan nahi zuen esaldi horrek, nola ahal den oparitu erosi ezin dena.
Hamar mila bira eman ondoren, erabaki zuen etxeko neskame bati galdetzea.

--Joxepa, zuk egunero garbitzen duzu gure neskaren gela.
-- Bai, badakizu gelak nik garbitzen ditudala.
-- Zer esan nahi du ohe gainean idatzita dagoena?
-- Ba gauza batzuk, ezin direla erosi, baina ahal direla lapurtu, gero oparitzeko.
-- Egon zaitez isilik Jaungoikoaren izenean!

Pasa ziren urte batzuk eta gurasoak erabaki zuten, Aiorak hogei urte betetzen zuen egunean, egundoko festa antolatzea.
Horretarako prestatu zuten karpa handi bat, ez ziren txantxetan ibili. Gonbidatuen kopurua pentsatuko duzue nolakoa izango zen. Herriko Jauntxo denak bertan ziren, nagusiak, Alkatea, etxeko sendagilea, alabaren lagunen gurasoak abar eta abar.
Dena oso ondo ateratzeko, kontratatu zituzten bi dozena langile, sukaldariak, zerbitzariak, bazkal ondorengorako musikoak, bertsolariak. Ez zen ezer falta.
Meza Nagusira joateko, Aiorak zeukan soinoko berezia. Egia da, Elizara erregin bat bezela jantzita joan zela.
Baina hori ez zen dena, ezta pentsatu ere! Amak otordurako erosi zion soinoko bat, herrian inoiz ikusi ez zena, aparta benetan!
Ordubietan hasi behar zuen bazkaria, baina ezin zen hasi Aiora bere gelatik jaitsi arte.
Ordubiak piskat pasata, ate handitik jaitsi zen Pailaso bat, harridura sortu zuen, zeren ez zegoen kontratatua.
Denak harritu ziren, baita Pailasoa ere. Egoera hortik irten egin behar zen eta Pailasoak mikrofonoa hartzea erabaki zuen.
-- Ama, nik Pailasoa izan nahi dut.

Hura ustegabea eta hura disgustoa!!! Inork ezin zuen sinistu gertatzen ari zena.
Amak ezin izan zuen zutik egon, eskerrak sendagilea bertan zegoela.
Aitak justu justu izan zuen indarra, mundu guztia etxera bidaltzeko.
Gurasoak egon ziren egunetan kalera atera gabe, baina errealitatea oso egosgorra da, ezin da aldatu hain errez, beraz elkarhizketa bat egin beharra zegoen.
Amak larunbata arratsaldea aukeratu zuen horretarako.

-- Aiora zergatik egin diguzu hau?
-- Ama, nik ez dizuet ezer egin. Nik bakar bakarrik aukeratu dut nere bidea, zuk egun batean, zurea aukeratu zenuen bezela.
-- Baina ze bide Aiora, bide horretatik ez zoaz inora.
-- Bai ama, Zorionara noa. Nik Zoriontsua izan nahi dut, haurrei Zoriona emateko.
-- Hori ez da zure lana…gainera denak barre egingo dizute.
-- Ez didate neri barre egingo, denak elkarrekin barre egingo dugu.
-- Eta zure karrera?
-- Nere karrera Pailasoa izatea da. Nik artista izan nahi dut, haurrentzak mundu magiko bat sortzeko.
-- Pailasoak artistak dira?
-- Munduan dauden artista handienak eta hori da nere beldurra, ez dakit ni iritsiko naizen, zoriona besteei oparitzera.
-- Iritsiko zara, nik lagunduko dizut lapurtzen.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : MUTIL LOTSATIA

SARRERA



Txikia nintzenean banuen zerbait, ez zitzaidana batere gustatzen eta zera zen, baratzan lan egitea. Udaberrian eta udaran, frontoian egoten ginen beti, hura zen gure bigarren etxea.
Nere aita normalki etxera joateko, Enparantzatik pasa behar zuen eta noski, Frontoi ondotik ere. Gu han egoten ginen jolasten, futbolean, pilotan edo beste edozertan.
Askotan ez genuen, ez pilotarik eta ez baloirik izaten, baina han egoten ginen.
Arratsaldeko zazpiretan pasatzen zen bera handik eta berehala utzi behar izaten nuen jolasa, lanera joateko.
Hura amorrua hartzen nuena. Batez ere agintzen zidanean porruari belarrak kentzea! Lan horrek gaisotu egiten ninduen. Bai lan nazkagarria zela hura.
Makurtuta egon behar nuen edo bestela belauniko, baina belaunekin lurra ikuitu gabe.
Nere ustez, orduan hasi zen nere gerria izorratzen.
Nere aitak hau irakurriko balu, esango luke: "alfer zikina".
Aita baserriko semea zen, euslkaldun naturala, atleta, fakultadeak kristonak zituena. Eta nik oraindik hamar edo hamabi urte izango nituen.
Baratzan hasten ginenean lanean, ezer baino lehen, lurra irauli egiten genuen eta gero, atxurrarekin aitak egiten zuen lerro sakona, bertan zimaurra botatzeko.
Zimaur pila botatzen genion lurrari. Hori errepikatzen genuen urtero.
Eta nola diren gauzak, neri orain baratza pila gustatzen zait. Baratz txikia noski, ez dut lur gehiegi behar, nik ipuinak landatuko ditut.
Txarrena da, nik ez dudala laguntzailerik. Astero Mikel Zapirain etortzen da, bera da nere obraren teknikoa. Berak erabakitzen du aurrera zer doan.
Zimaur beharrik ez dut eta eskerrak, bestela ez dakit zer egingo nuken. Zerbait egiteko asmoarekin, hementxe nabil Altzan ikasi nuena Hendaian erabiltzen.
Atxurra dotorea dut, kerten luzekoa, kerten motxarekin ezin da arnasa gustora hartu eta hemen, gozatzeko bizi gara.
Nere baratza Hendaia goian dago, Lisardi auzoan. Nere etxetik bost minutura oinez.

-- Kaiku alferra, alferra, lan egin , lan egin.

Lehen esan dut bakarrik nagoela eta egia da, gertatzen dena papagaio hori maiz etortzen dela. Batzutan boladak egiten ditu hemendik mugitu gabe.
Ez dakit ze izen duen, nik Ansola deitzen diot. Asko errematatzen du, baino gol gutxi sartzen ditu. Ez du batere antzik, Elgoibarko goleatzaile handiarekin.
Neri ez dit trabarik egiten, baina oso lotsagabea da. Mutur handia du.
Baratzarekin jarraituz, esan behar dut tresnak eta laneko erropa gordetzeko, txabola txiki bat egin nuela lehengo urtean. Abarkak, bota batzuk ere baditut, txapela, zira bat, eta gero laneko tresnak. Egunero ordubete lan piskat egiteko.
Ez baldin badu euriarik egiten noski, bestela jai.
Txabola barruan badut leku txiki bat, hamaiketakoa egiteko edo norbaitekin garagardo bat hartzeko.
Txabolaren izkina batean pikuondo bat dago, piku beltza, hobe esan da. Pikuaren ezkerrean, hiru edo lau metrotara, sagasti txiki bat hasten da. Bost sagar klase dauzkat hemen. Zein ederra den sagarra, sagasti bertan jatea.
Xarma handikoa da nere baratza txiki hau.
Beno, orain gelditzen zait txarrena. Lan egin beharra. Zimaurren ordez liburu pila sartu behar ditut egindako lerrotan. Eleberriak, Olerkiak, Hiztegiak, Bertsoak, Ipuinak. Lerroak Kulturez bete behar ditut.
Nik ipuinak bildu nahi ditut.
Itxaropena daukat, baratz txiki honetan, Euskal Kulturaren gurdia zertxobait aurrera bultzatuko dugula.

Orain ez nago batere inspiratua. Duela pare bat hilabete, nere sendagileak aginduta, Pomadere Jauna, hasi nuen erregimen zorrotza eta hemen ez dago txantxarik, goseak ez dakar gauza onik.
Nik martxan jartzeko txuleta, patata prejituarekin jan behar dut, gero gazta edo intxaurrak, ardo beltz piskat edan eta kafea, kopa, bere puruarekin bukatzeko.
Hori ere etorriko da. Ansolak eta nik, egingo ditugu ipuin batzuk.

Nere erregimenari egin dizkiot bertso batzuk. Oso gutxi, baina piskat maite dut.

Larogeita hemeretzi
kilo gorputzean
larogei bat aurrean
besteak atzean.
A zer lasaitasuna
koipea galtzean
laister ez naiz itoko
galtza barrenean.

Hauxe ustegabea
zer den ezin esan
hasieran gogorra
orain ezin jasan.
Goizean ezin edan
gauean ezin jan
zein zaila den bizia
barre ezin denean.

Goizean barau eta
iluntzean berdin
tentsioa zaintzeko
ura gatzarekin.
Sabela betetzeko
aza ezerrekin
ze dantzatu behar da
musika honekin.

Lehen bi kokotx nituen
batek alde egin du
salgai zegoen baina
orain ezin saldu.
Dirurik gabe ezin
txuletak ordaindu
ezingo dut sekula
berriro gizendu.

Kokotx bakar batekin
ezer ez da berdin
apaiz izan nahi nuen
ta orain zer egin.
Nora noa lanera
lepo mehearekin
fedea ez da saltzen
azal hutsarekin.

Osasuna ederra
betidanikan da
bestela nola igo
biziaren malda.
Aldapa behera noa
hartzen porru salda
gora bizia eta
gora sardin zaharra.

Bertso klase hau, alu xamarra da egiteko, baino egina daude. Orain bigarren kokotxaren bila hasi behar dut.
Lehengo Ipuina : AMETS ISILA