MUTIL LOTSATIA




Egun batean Oiartzungo festetan, bertako mutil gazte bat dantzan zebilen. Hasieran batekin eta jarraian beste batekin, gero ordea ez zuen batere aldatu.
Dantza eta dantza artean trago bat hartzen zuen, gero beste bat, azkenean berotu egin zen, normala.
Gauak jarraitzen zuen bere martxa, ordulariak ez daki geldik egoten eta etxe aldera joateko garaia iritsi zen.
Neska interesantea zen, handia, dotorea, irribarre ederrekoa. Mutilen gustokoa zen eta bera ere ez zegoen gaiso, mutil ederra zen.

Zirti zart egiteko unea iritsi zen. Mutilak jo zuen enbido.

-- Bihar ahal dugu elkarrekin gelditu.
-- Bai. Non geldituko gara?
-- Errenterian. Arratsaldeko seiretan, Iztietan. Diskotekaren aurrean.

Gero bakoitza bere aldera joan zen. Mutila ohera sartu orduko, lo gelditu zen. Gero esnatu zenean, ohartu zen ze astakeri egin zuen dantzan zebilela.
“ Baina nola gelditu naiz neska horrekin"
Pentsatzen zuen bakoitzean gero eta amorru gehiago sartzen zitzaion. “ Nola bururatu zait neri neska horrekin gelditzea”
Ohean ezin zuen gehiago egon eta mendira joan zen, alferrik ordea, ezin zuen burutik kendu.
“ Hitza eman dut eta joan egin behar dut”
Mendian zebilela, zenbat eta bira gehiago ematen zion asuntuari, gero eta ziurrago zegoen joan egin behar zuela.
Eguerdian ez zen joan lagunengana, zuzenean etxera joan zen, arratsaldeko 6rak iristeko amorratzen zegoen.
Arratsaldean beste buru hauste bat zuen, zer egin?
“ Nora joango gara, Zinemara eta ze Zinemara? Dantza egitea, nik ez dakit dantzan.
Pasai Donibanera joango gara, herri polita da, Udaran gaude, bueltatxo bat emango dugu, ez da plan txarra.”

Seirak baino lehenago mutila han zegoen. Neskaren arrastorik ez zegoen. Ia seirak zirenean, mutilak berriro begiratu zuen eta neska ez zen azaltzen.
Errenteriko Elizan 6rak jo zutenean, neska falta zen. Mutilak ez zuen segundo bat itxaron, berehala alde egin zuen handik txistu bizian. Minutu batzutan Pasai Antxon zegoen, hura lasaitasuna hartu zuena!
Handik pare bat hilabetera elkar ikusi ziren, neska ez zegoen oso gustora.´

-- Zergatik ez zinen joan gure hitzordura?
-- Joan nintzen, baina zu ez zinen han.
-- Ni joan nintzen.
-- Ni ere.

-- Zergatik ez ginen elkartu orduan?
Mutilak gorrituta burua makurtu zuen.
-- Ni ez nintzen ausartu zurekin arratsaldea pasatzera. Lotsatu egin nintzen.

Hori entzunda neskak urrezko irribarrea oparitu zion mutilari.
Geroztik mutilak bere bihotzaren apal maitagarrienean gordeta dauka irribarre hura, irribarre dotorea, sentimenduz betea, freskuraz paregabea, udazkeneko ilunabarretan, hegohaizeak goxo goxo etxera ekartzen dion arnas maitea.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : JAUNGOIKOA EZ DA ALTXA







No hay comentarios:

Publicar un comentario