HERIOTZAK EZ DU BIZIRIK


Gabonetan gaude, ze azkar pasa den urtea. Alde batetik pozik nago eta beste aldetik, ez nago oso gustora, nere baratzan ez da ezer sortu, ezta belar txar bat ere.
Berriro batere gupidarik gabe hanka sartu dut, ez da nere baratza, da gure baratza; Ansolarena, Mikelena, Asentxiorena, Xixilirena eta zurea ere lagun. Nahi duzunean etorri, lasai etorri, hemen gure artean ondo pasako duzu.
Poeta txarrek ez dugu kategori Literariorik, gure kategoria sentimenduetan dago, gu benetazkoak gara, gu ez gara triste jarriko gu baino gehiago zarelako idazten, poztu egingo gara, zuregatik,
Euskerarengatik eta guregatik, denoi gustatzen zaigu lagun bat garrantzitsua izatea.
Etortzen bazara, bi gauza ekarri behar dituzu: bat, bizitzeko gogoa eta bestea, ardo botil bat.
Neguan arratsaldeko zazpiretan ardo trago bat, gazta pusketa batekin, ze ederki sartzen den.
Gainera Kultura da, ardo trago bat hartzen, elkartzen zara lagunekin eta labe horretan lantzen da adiskidetasuna, lantzen da eta sortzen da Maitasuna, KULTURA.
Berriketan zurekin lagun, ez naiz konturatu, hortxe bertan zerbait dagoela, hurbildu egingo naiz.

-- Ansola, Ansola !!!
-- Zer da, zer da?
-- Hortxe, txabolaren hizkin horretan, poema bat jaio da.
-- Nik kaka egiten dudan lekuan. Zure aitak esan zizun, zimaurra bota behar dela baratzan. Zuk ez duzu inoiz ikasiko lanean.
-- Nola botako dut zimaurra, Hendaia osoan ez bait dago behi tristerik bat eta...
-- Biriatu ez dago urruti, alferra, alferra izaki!
-- Egon zaitez isilik. Asentxio eta Xixiliri deituko diet. Elkarrekin irakurriko dugu

Heriotza lagun
belar motza da,
belar morea, misterioz betea,

ezkor xamarra baita
ilunpearen amorantea.
Baina ez du dirua maite
ez da saltzen ezerren truke,
hala ere da
botere askoren jabe,
eta zu ibiltzen bazara bere soroan
jolasten goxo goxo,
paseatzen suabe suabe,
primeran biziko zara
eta hilko zara
konturatu gabe
.
Isil isilik irakurri ondoren, gure lagunak pentsatzen gelditu dira, nere iritziz ez dute ondo ulertu. Horrelakotan, berriro irakurri behar da, ez da ezer gertatzen, garrantzitsuena ulertzea da, berdin da zenbat denbora pasa behar den ulertzeko.
Asentxio ba dirudi ulertu duela, Xixilik ez du oso aurpegi alaia. Bere laguna berehala ohartu da, segituan explikatuko dio.
-- Poesi honek esan nahi duena da, bizia bizirik dagoen bitartean ez dagoela heriotzarik.
-- Poetak piskat edaten dugu, baina hainbeste.....
-- Ez da zurrutaren kontua, nik ez dut edaten eta ados nago Olerki honen mezuarekin.
Xixilik ez du ulertzen, agian ez du gogo handirik ipintzen ulertzeko.
-- Biziak ez du heriotzik eta heriotzak ez du bizirik. Guri ez digu hiltzen heriotzak, hiltzen digu biziak.
-- Asentxio Poema hori oso tristea da, ez zait batere interesatzen, nahiago dut zure sudurrari begiratzea.
-- Saiatuko naiz modu errezean explikatzen. Bizia bidea da, baina bidea ez da bizia. Guk eman behar diegu odola, bideak dituen zainei, gure pausoak baikorrak izan behar dute, gure irribarrea benetakoa izan behar du, gure bizitzeko gogoa egunero jaio behar du eta horrela " biziko gara primeran eta hilko gara, konturatu gabe".
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : ARRAZOIA EZ DA EGIA

EGAÑAK BOST TXAPEL DITU


Asentxio Txurirekin jolasten dago, ze momentu ederrak pasatzen dituzte elkarrekin.
Ze polita den horrelako harremanak bizitzea eta baita ere ikustea, horrela, maitasuna biluzik, inongo interesarik gabe, Eguzkiak argia eta goxotasuna ematen dituen bezela, dohainik.
Zenbat alaitu den Beizamako pertsona maitagarri honen egoera. Txuri sendatzea eta Xixili ezagutzea, erabat garrantzitsuak izan dira berriro Zoriontsua izateko.
Baratzak orain beste bizitasuna du, orain ez dago tristurarik. Hasieran bakar bakarrik nengoen, gero Ansola hasi zen etortzen tarteka bere humorearekin eta orain bikotea bertan bizi denetik, leku zoragarria bihurtu da.
Zalantza batzuk nituen, Ansola eta Txuri nola moldatuko ziren eta nahiko ondo konpontzen dira, Ansola zuhaitz gainean bizi da, isildu gabe hori bai, berritxua da bera bezelakoa, baina tira, harreman ona daukate.
Aurten Bertso Txapelketa hementxe entzungo dugu, agian Ametsek edo zergatik ez Sustraik, ekarriko dute Txapela Lapurdiko hizkin honetara.
Edo aldatu beharko dugu izenburua eta ipini EGANAK SEI TXAPEL DITU.
Isildu egingo naiz, Ansolak bertso bat bota nahi du eta.

Bertsolaria goizean eta
Poeta handia gauean
hau etorria nik daukadana
ile gorrien artean.

Txapelketako beti prest nago
Egaña nahi dut aurrean
bertso bakarra doinurik gabe
neurria hegohaizean
Ansolak errez ekarriko du
Txapela buru gainean.


-- Oso ondo. Ikusten da prestatuta zaudela Txapelketarako.
-- Ni beti, beti prestatuta nago. Beldurra, beldur handia, Egaña beldurrez bizi da, beldurra du.
-- Egon zaitez isilik, Eganak bost txapel irabazi ditu, nola egongo da beldurrez.
-- Gezurra, gezurra, ez ditu bost txapel irabazi, lau bakarrik.
-- Bost txapel irabazi ditu. Laugarrena irabazi zuenean ni han nengoen.
-- Non, non irabazi du bostgarren Txapela? Gezurra galanta.

-- Lapurdin, Pausu auzoan, Xaia ostatuan, ni han nengoen eta ez nengoen bakarrik, gutxienez ehunta berrogei lagun ba ginen afaltzen eta bertsoak entzuten gehiago.
-- Inon ez dut entzun historio hori, dena zuk asmatua da, ezin zaizu ezer sinistu, dena gezurra esaten duzu, gezurra.
-- Ansola, isiltzen ba zara bost minutu, nik zehatz mehatz kontatuko dut nola irabazi zuen Andoni Egañak laugarren txapela.


Ostirala zen, Xaian bertso afaria, Errefuxiatuentzat aukera polita, txuleta eder bat janez bertso batzuk entzuteko.
Afal ondoren jende piskat etorri zen eta besterik gabe, saioa hasi zen.
Beno hasi behar zuen, zeren saioa ez zen inoiz hasi. Eganak bere lana egiten zuen bitartean, bere lagunak ez zen gai bertso koxkor bat botatzeko.
Hasiera zen eta inor ez zen larritu, bertsolariak tren zaharrak bezela berotzen dira, poliki poliki, goxo goxo.
Beste saio txiki bat egitera animatu ziren eta ez zen batere ondo atera. Egoera ikusita, onena zen atseden piskat hartzea. Bertsolarien ondoan zeuden gazte batzuk, aprobetxatu zuten unea alde egiteko. Egana segituan konturatu zen.
Baino beno, oraindik ba zegoen gaua, saioa txukun xamar bukatzeko.
Gaua bazegoen eta gogoa ere bai, bi faktore hoiek edukita, ba zirudien dena ondo atera behar zuela; baina bizitzan ez da horrela izaten, gogoa ez da nahikoa, ahalmena ere eduki behar da.
Gauzak okertzen direnean, oso zaila izaten dira zuzentzen. Nik ez dakit zenbat aldiz saiatu ziren eta beti alferrik.
Nik Egañari begiratzen nion eta ez nion hain urduri ikusten, ni urduriago nengoen bera baino. Hiru txapel dituen bertsolariak derrigor eduki behar du talentua, derrigor ohartu behar zuen eta ohartu zen, barregarri ari zela geratzen.
Barregarri bukatu zuten biek. Denak altxa ginen, berehala hasi ginen trago batzuk hartzen eta ez genion buelta gehiago eman. Edonork dauka egun bat oso txarra.
Gau hartan Andoni Eganak erabaki zuen bere laguna bakarrik ez uztea, erabaki zuen berarekin batera desastre hura bukatzea.
Ahaztu zen Txapelekin eta Bertsolaritzarekin, gau hartan pertsona izan zen, pertsona oso jatorra.
Ideologi iraultzaileena sentimendu goxoekin egina dago. Maitasuna bat adibidez.
Saio hura neretzat eta beste denontzat, bertso aldetik begiratuta, oso txarra izan zen, beste aldetik begiratuta oso ederra, oso aberatsa.
Eganak pertsona bezela sekulako erakustaldia eman zuen, demostratu zuen kategori handia duela.
Eta pentsatzen jarrita, hori da benetan HANDIA izatea, txikiari entzutea, txikiari laguntzea, txikiari maitatzea, hitz batean esanda : txikiekin txiki bihurtzea eta hori dena egin behar da, EGUZKIAK musuak ematen dituen bezela : dohainik.
CHAPEAU!!!
Isil isilik, nere barruan, Andoni Egañari laugarren Txapela eman nion.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : HERIOTZAK EZ DU BIZIRIK

GOENAGA BASERRIA


Errezil ezagutzen ez duenak, ezin du esan herri politik ezagutzen duenik. Zoragarria da herri hau, zoragarria benetan, zeren polita izateaz gain, ederra ere bada. Nik ez dakit non egon naizen orain arte hona etorri gabe.
Goenaga Baserri aurrean nago, zenbat histori dauzkat nere begien aurrean!
Behin hasi ezkero idazten, jarraitu egin behar dut, baina kontu askorekin, isil isilik.
Herri ederra dela esan dudanean, ba dakit zergatik esan dudan eta ez naiz bakarra, hemen, orain, Goena baserri aurrean, mundu osoko telebista daude, mundu osoko kazetariak, zientifikoak, intelektualak, artistak.
Hemen daude nahi dutelako barrura sartu, ba dakitelako Goenaga baserriko zuloan, milaka eta milaka sekretu daudela. Hara hor, Errexilen edertasuna.
Inork ez daki ondo, hor barruan dagoen zuloan, ze aberastasun dagoen.
Baserri honek lau mila urte ditu, nahiz eta dokumentoak hiru mila urtekoak izan. Garai hartan oso jende gutxi zekien idazten.
Horregatik inork ez daki zehatz mehatz baserri honen historia. Herri osoa daki San Josek hemen ikasi zuela arotz lanbidea.
Ernioko pagoekin ikasi zuen lanean; larunbatetan mendi gailurrera igotzen zen, ehun kiloko enborra bizkarrean zuela. Oraindik ez du inork hautsi bere denbora : hogeita hamairu minutu eta hogeita hamairu segundo.
Ze mutil puska zen! Ia bi metro zituen, ehun kilo pasa, batere koiperik gabe, dotorea gainera. Gero Amabirjina beretaz maitemindu zela, normala.
Horrelako historiak pilaka daude, baina hor barruan gordeta.
Anekdota modura irakurriko dut, Aristotelek idatzi zuena baserriko atean. Hortxe dago, hemendik ez da oso ondo ikusten, hurbildu egingo naiz piskat.

Pentsatzen duenak
pentsatu behar du,
pentsatzen duena
ez duela pentsatu behar soilik,

pentsatu eta egin baizik.

Gero, normala den bezela, Baserriak bere ibilbidea egin zuen, famili asko pasa dira Goenatik. Aitona eta amona hiltzen zirenean, seme-alabak jarraitzen zuten eta horrela pasa dira auskalo zenbat belaunaldi.
Baina egun batean ustegabeko handia gertatu zen. Ikaragarria!!!
Baserriko txakurra, Kelli izena zuen, joan zen buelta bat ematea eta ez zen gehiago etxera itzuli.
Seme alabak ez zuten inoiz gainditu tristura hura, zenbat negar eta zenbat malko bota ziren baserrian garai hartan. Egunero egunero itxaroten zuten ate ondoan, baina alferrik, Kelli ez zen azaltzen eta azkenean aitak, Errexildik alde egitea erabaki zuen.
Kelli bahitzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu, ihes egin zuen.
Hala ere konturatu zen, mundu honetan bizitzeko gutxi zekiela eta Mantxesterrera joatea erabaki zuen. Ikastaro bat egitea bururatu zitzaion eta buru belarri hasi zen ikasten.
Hogeita hamazazpi urte pasa zirenean, jakindu zuen bere baserria utza zegoela. Ez zuen segundo bakar bat itxaron. Gau hartan hasi zen ibiltzen eta ez zen gelditu Goenara iritsi arte.
Bost hilabete, bi aste, hiru egun, zazpi ordu, hamalau minutu eta sei segundo behar izan zituen etxera heltzeko.
Geroztik baserri barruan dago, zuloa zaintzen, bakar bakarrik itxaroten.
Hemen dauden kazetariak, intelektualak, zientifikoak, artistak, kuriosoak ere ba daude, ez dute ulertzen nola irauten duen hainbeste denbora baldintza hoietan.
Ez dakite Kellik Mantxesterren gauza pila ikasi zituela, adibidez, ba daki jan gabe bizitzen, ba daki lo egin gabe bizitzen, ba daki begiradarekin jendea bereizten eta baita ere, begiradarekin hiltzen, horregatik inor ez da hurbiltzen gehiegi baserrira.
Eta ez da inor inoiz hurbilduko, beno salbu bat. Ba dago bat Goenaga baserrira etortzen denean, Kellik atea pozik, oso pozik irekiko diona eta emango dio, aspaldiko urteetan berarentzat gordetzen duen musua.
Iritsiko da egun hori eta kriston jaia egingo dugu Errezilen, Goenaga baserrian.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo ipuina : EGAÑAK BOST TXAPEL DITU